Irulegi - Alaitz IP - Ikasnova
Irulegi - Alaitz IP
Irulegiko igoera
Alaitz Mendi Taldeak hilabete honetan Irulegi mendira (893 m) egin du irteera.
Haur eta guraso, 30 lagun inguru elkartu ginen igandean, abenduak 12, eskolako sarreran. Bertatik Ilundainera joan ginen autoetan. Hara iritsitakoan Mikel Ripodasek gidatuta ibilaldia hasi genuen. Aurreko egunetan elur eta euri aunitz egin bazuen ere, igandean tarteka eguzkia lagun izan genuen.
Ibilbidean txoko magikoak ikusi genituen, baita elurteak eragindako kalteak ere; bidea trabatzen zuten zuhaitz adarrak zeuden nonahi. Baso sorgindua zeharkatu eta Irulegiko gaztelua dagoen gailurreraino igo ginen. Gailurraren ondoko zelaian Burni Aroan baskoiek eraikitako herrixkaren aztarnak ikusi genituen eta gailurrean Erdi Aroko gazteluaren harresi eta pareten aztarnak. Laino artean Pirinioetako gailur elurtuak ere ikusi genituen.
Harresi artean babestuta hamaiketakoa jan eta elur hondarrarekin jolastu genuen.
Indarrak berreskuratuta malda behera bueltako bidea abiatu genuen. Abenturaz betetako itzulera izan zen; tarteka hostoen gainean irristaketan, bertze batzuetan bidea gurutzatzen zuten adarren gainetik jauzi eginez edo makurtu eta azpitik pasatuz Lakidainera iritsi ginen.
6,75 km.ko ibilbide borobil polita egin genuen (352 m.ko desnibel metatua).